XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mirentxu eta izar urdina

Mirentxuren amak kaxa batzuk atera ditu armairutik.

Zer ote dago barruan? Ene! Gabonetako apaingarriak: bolak, kanpaitxoak, jaiotzako figurak... Jakina, laster Gabonak izango dira!

Mirentxu pozarren dago amari lagunduko diolako etxea eta zuhaitza apaintzen, baita jaiotza ipintzen ere.

Lanean hasi da.

Poliki-poliki, jaiotzako figurak jarri dituzte bien artean.

-Kontuz Mirentxu, apurtu barik gero! - esan dio amak.

-Lasai ama, kontuz ibiliko naiz - erantzun dio.

Baina gauzak okertu egin dira.

Zuhaitza goitik behera apaindu ondoren, izarra ipintzeko orduan... izarra hatz artetik labaindu eta plausta! lurrera erori da.

Mirentxu negarrez dago:

-Hau pena! Aitonak eta amonak ez dute izarra ikusiko!

Mirentxu pentsa eta pentsa ari da, ea nola konpondu izarrarena.

Hala ere, ez daki zer egin.

Burumakur, logelara doa.

Logelan Xapi katua dago, leiho ondoan eserita.

-Mirentxu, begira zenbat izar dagoen zeruan! - esan dio Xapik.

Mirentxuk zerura begiratu du.

Egia da: izar handiak, izar txikiak... zerua polita dago benetan.

Begiak itxi ditu eta hauxe pentsatu du: Salto egin eta izar bat hartu ahal izango banu....

Eta bat-batean, boing-boing! salto egin eta izar bat hartu du, izar txiki urdin bat.

Xapiri erakutsi dio, liluratuta:

-Begira, begira. Xapi! Bizkor! Goazen izarra zuhaitzean ipintzera!

Esan eta egin. Izarra adartxo batean zintzilikatu eta gero, deitu egin die gurasoei:

-Aita! Ama! Beste izar bat aurkitu dut. Ederra da, ezta?

Aitak Mirentxu hartu du altzoan.

Orain Mirentxu zuhaitza bezain handia da eta zuhaitzaren puntan jarriko du zeruko izar urdina.